domingo, 30 de enero de 2011

Omega 3/6 oreka

Omega 3,6,9 gantz azidoen oreka egokia mantentzea ezinbestekoa da hantura prozesuen kontrolerako baita intsulina-glukagoi hormonen jariaketa orekatuaren mantenurako, zeintzuek odolean dugun azukre maila erregulatzen duten.

Egun Mendebaldeko munduan daramagun elikadura dela eta, zeina gero eta aberatsagoa den animali jatorriko asetutako gantz azidoetan. Omega 6 eguzkilore olioan hartu ohi dugu eta omega 9, aldiz, oliba olioan. Baina omega 3 gantz azidoen oreka mantentzea ere ezinbestekoa da. Izan ere, azken hau, frekuentzia gutxiagoz kontsumitzen ditugun arrain urdin eta inaza olioan aurkitzen da (azido gamma linolenikoa)

Gantz azidoek modu zuzen batean eikosanoideen sintesian eragina dute. Omega 3 eta 6 azidoak eikosanoideen prekurtsoreak dira, zeintzuek aldi berean, prostaglandinen prekurtsoreak diren. Kolesterolaren antzera, eikosanoide onak eta "txarrak" daudela esaten da eta honi dagokionean, omega 3 azidoak gantz azidoak eikosanoide eta hauek prostaglandina bihurtuko dituzten entzimak erregulatzeko gaitasuna dauka. Aldi berean, delta-5 desaturasa inhibitzeko gaitasuna dauka (animali jatorriko gantz azidoak azido arakidoniko bihurtzen dituen entzima).

Bestalde, omega 3 azidoak animali jatorriko gantz azidoak eikosanoide txarretan bihurtzea galarazten du.

Orokorrean, eikosanoide onuragarriek agregazio plaketarioa inhibitzen dute, basodilatazioa eragiten dute, proliferazio zelularra inhibitzen dute, erantzun inmunea areagotzen dute eta hanturaren aurkako efektua dute. Bestalde, eikosanoide "txarrek" aurrekoen kontrako eraginak dituzte.

Guk, jarraituz, delta-5 desaturasa izeneko entzima daukagu, zeinak eikosanoide txarren sintesia inhibitzen duen. Bestetik, delta-6 desaturasa entzimak gantz azidoetatik eikosanoide onetarako ransformazioa errazten du.

Urteekin, hala ere, delta-6 desaturasa entzimaren aktibitatea gutxituz doa eta bi entzima hauen arteko oreka apurtu egiten da. Eikosanoide on eta "txarren" arteko oreka hori apurtu eta intsulina-glukagoi desoreka hormonalak eta hantura prozesuak areagotzen dira.

Hau dela eta, omega azidoen, eta batez ere omega 3aren oreka mantentzea ezinbestekoa da. Omega 3 azidoan aberatsak diren elikagaiak hurrengoak dira: arrain urdinak (sardina, atuna, salmoia, ezpata arraina).

Campanas por la gripe A - Teresa Forcades

Nork ez zuen joan den urtean pandemiaren alarma globalari buruzko ezer entzun telebista, irrati edota egunkarietan?

Egia esan, hilabete batzuetan zehar hori besterik ez zen entzun hedabide, jendarte eta gure inguruko txoko guztietan, eta bat-batean pum! haizeak eraman izan balu bezala desagertu zen polemika.

-Zer da baina "A gripea" edo "H1N1" "hegaztien gripea"....delako hori?

-Zein desberdintasun izan zuen zepa "berri" horrek gainerako ohiko gripe estazionalarekin?

-Zein paper jokatu izan dute OMS, estatu eta industria farmakologikoek guzti honetan?

Bada galdera hauek guztiak azaltzen ditu argi Teresa Forcades mediku eta moja kataluniarrak. Oso ineteresgarria da eta pentsaraztera bultzatzen du jendea. On dagizuela!

Hementxe behean bideoaren lehenengo zatia besterik ez dut itsatsi baina jarraian doazenak youtuben ikustea badaukazue, merezi du!


Berakatza eta tipula: elikagai usualak baina oso onuragarriak

Nork ez ditu berakatza zein tipula eguneroko sukaldeko errezetatan erabiltzen? Bada, hauen erabilera oso ohikoa bada ere, propietate medizinal asko dituzte, goazen zeintzuk diren ikustera!

Bai berakatza baita tipula ere azufredun konposatuetan aberatsak diren bi elikagai eta botika dira. Hauek, area eta gibela estimulatu eta lipidoen metabloismoa erraztu egiten dute, baita LDLen maila odolean jaitsi ere. Beraz, hauen kontsumoa oso onuragarria da hiperkolesterolemia kasuetan.

Berakatza "Errusiar penizilina" bezala ere ezagutzen da, II mundu gerran zehar, izan ere, antibiotiko eza zela eta, errusiar ejerzitoak masiboki erabili baitzuen. Izan ere, berakatzak dituen propietateen artean ekintza antimikrobianoa da aipagarriena, bai birus, bakteria, Candida motako onddo eta parasitoen aurka.

Gainera, berakatzak onura asko dakartza zirkulazio-sisteman, zeren konposatu sulfuratuetan (alizina) eta adenosinan aberatsa da. Adenosinak odolaren fluidotasuna handitzen du, plaketen pilaketa galarazten du odolean eta honek arazo koronarioak saihestea dakar. Bestalde, konposatu sulfuratuek plasman dagoen kolesterolaren maila jaisten du, HDL eta LDLen arteko harremana hobetuz.

Gainera, berakatzak mukosetako konjestioa ere hobetzen laguntzen du. Hau dela eta, urteetan zehar berakatzak arnas gaixotasunen tratamenduan ospea hartu du.

Berakatza mendeetan zehar sukaldatzeko erabili izan da eta landu izan den landare zaharrenetarikoena dugu. Liliazeoen familiakoa da tipularekin batera eta bere propietate osasungarriei dagokienean 33 konposatu sulfuratu, 17 aminoazido, germanioa, kaltzioa, kobrea, burdina, potasioa, magnesioa, selenioa, zink, eta A,B eta C bitaminak ditu. Antza denez, antzina Egiopton erabili ohi zuten piramideetako langileek haien indarra eta errendimendua hobetzeko.

Osasuna ala negozioa?

Osasuna, hezkuntza, bizileku duin bat, lana... hauek teorian bizi garen lehenengo munduko gizartean herritar orori bermatzen zaizkion ustezko "ongizate estatuaren" abantailak dira. Ustezko diot zeren baliabideak lapurtu besterik egiten ez dugu hirugarren munduko herrialdeetan hau betetzen ez dela badakigu, eta gure inguruan ere, gero eta sostenigaitzagoa bihurtzen ari den sistema honetan ere, okertzen ari dira, gizartean ahulagoak diren biztanleria taldeetan.

Egoera hau kezkagarria dela deritzot. Pentsa hain beharrezkoak diren osasuna, hezkuntza...bermatzea baino, pribatizaziorantz jotzen dutela haize errota guztiek, eta honen eraginak oso larriak izango dira etorkizun ez hain urrunean gauzak aldatzen ez badira behintzat.

Honen islada Amerikako Estatu batuetan indarrean dagoen aseguruen menpeko osasun sistema dugu. Kezkagarria da benetan, larri dabiltzan familiek nola haien bizitzak kriston dirutza eskatzen dizkieten osasun-aseguruen eskuetan usten dituzten. Nola askok kredituek eskatzera jotzen duten, urte batzuen buruan minbizia diagnostikatu ostean medikuak etxean tratamendurik jaso gabe hil egin beharko dutela esan edota lan istripu baten ostean bi hatzamar galdu ondoren, galdera hurrengoa den: zein behatz jartzea nahi duzu? potoloa 4000 dolar dira eta txikia 2000. Kezkagarria benetan.

Honen harira Michael Moore dokumentalista eta zuzendari Estatu Batuarrak urte asko daramatza mezu kritikoa zabaltzea helburu duten filme eta dokumentalak zuzentzen. Bada AEBetako osasun sistemari kritika sakona egiten diona "Sicko" izenekoa da, 2007an estreinatua eta Cannes-eko jaialdian aurkeztu zena.

Bizitzaz eta bizitzeaz ari gara, ala diru ustelaz? Zer dago jokoan??

Dokumentaia hau ikus dezazuen gomendatzen dut, bertako egoeraz busti egiten zaituelako eta honetaz arrazoitu ondoren hemen ere berdina gerta ez dakigun esperoan kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko aproposa izan daitekeelako.

Te berdearen onurak

Te berdea egunero eskura-eskura daukagun landarea da, gure gizartean nahiko barneratua dagoena, bazkal osteko tea, gosaltzeko tea...horren isla dira; baina zein onura eta abantaila ekar ditzake te berdea edateak?

      
Izen zientifikoa: Camelia sinensis kuntze                                           
Familia: Theaceae
Erabiltzen den zatia: Propietate antioxidatzaileak, pisuaren kontrola.

Aspektu botaniko eta historikoak: Oso zuhaixka adarkatua da te berdea ematen duena, 1-2 m-ko garaiera izatera iristen dena. Hosto obalatu, petiolo laburreko eta ertz zerradunekin. Bere loreak hostoaren sorburuan jaio ohi dira eta kolore zuria agertzen dute. Asia hego-ekialdeko jatorria du te berdeak, China eta Indiakoa, hain zuzen. Kalitatezko tea izan dadin, gainera, hostoak zuhaixkak bost urte bete izan arte ez hartzea gomendatzen da. Te gorri eta beltza zuhaixka berdinetik badatoz ere, hauen desberdintasuna geroago jasotzen dituzten hartzidura eta bestelako prozeduren emaitza dira; aldiz, te berdearen kasuan, hostoek ez dute inolako aldaketarik jasaten; soilik sikatu egiten dira. Haren historian murgilduz gero, te berdeari buruz aritzen ziren lehenengo idatziak Txinan aurkitu ziren k.a 1400 urtean.

Propietateak: Te berdearen hostoak oso aberatsak dira polifenoletan, zeintzuen artean epigalokatekina galatoa nabarmentzen den. Honen funtzioa ezaguna da, zeren propietate antioxidatzaileak ditu, erradikal askeen ekintza leuntzen laguntzen duelarik. Bestalde, te beltzak ez bezala, te berdeak ez du hartzidura prozesurik jasaten eta honek bere polifenolen proportzioa oso altua izatea dakar: %22koa izanik, te beltzaren %12.9a aldeeratuz.

Erabilerak: Edari osasungarri moduan kontsumitu ohi da te berdea, lehen aipatutako propietate antioxidatzaileak direla eta. Gainera, eragin diuretikoa ere badu.

Dosifikazioa: 2.5-5 g te egunean da dosi egokia (hau da gutxi gorabehera 150mg epigalatokatekina galato egunean). Goizetan eta arratseko lehen orduetan, otorduetatik kanpo hartzea gomendatzen da.

Arrisku eta erabilera aholkuak: Nahiz eta te berdeak duen kafeina (teina moduan ezagun dena)proportzioa baxua den, kafeinarako sentsibilitate handia duten pertsonek kontu handia izan beharko dute asaldura nerviosoak edota loaren etenaldiak saihesteko. Ez da te berdearen ingesta gomendatzen haurdunaldi eta edoskitzaro garaietan.

viernes, 28 de enero de 2011

DONIBANE ukendua

Propietateak: Orbantzeko, hanturaren kontrakoa, alergien aurkakoa, antifungizida, bakterizida, odol-zirkulazioaren estimulatzailea.

Ukendu honen izena, hau egiteko erabili ohi diren landare freskoetatik datoz, zeintzuek udako solsztizioan hartu ohi diren. Ukendu honetan ere lehenengo mailako presio hotzeko olioa eta erle argizaria erabiltzen dira.

Eragin orbaingarri, bakterizida, hanturaren kontrakoa, antiseptikoa, antibiotiko eta fungizida ditu.

Anestesia lokal moduan ere jarduten du.

Erabilerak: Zauri, erredura, kolpe, ziztada, hemorroide, ekzema, irritazio, dermatitis, eskuen narritadura, herpes, fistula, kiste sebazeo, ultzera barikosoak, min muskularrak. Erabilgarria da ere oin eta orkatila nekatuak, oinetan onddoak eta barizeak ditugunean.

Erabilera eremua: Mukosetan eman beharrekoa da eta bere erabilera kanpokoa da nahiz eta belarri bagina eta uzkian ere erabili daitekeen. Begiekin izan dezakeen kontaktu oro saihestu behar da eta ezin da ingestioan hartu.

Landareak: Yanten, azeri buztana, arrosa petaloak, intsusa, belar gorria, pasmobelarra, San Jeronimo belarra, Eukaliptoa, ezkaia, erromeroa eta endalarra.

Prestaketa: 3-4 orduren bitartean egosi egiten dira landare guztiak ur berotan baina su ahulean eta jarraian oliba olioan utziko da pausatzen. Iragazi eta argizaria gehituko zaio. Orduan poteetan bota eta ondo itxi beharko da.

(erabiltzen dugun litro olioko 250 g argizari bota beharko dira)

Eguzki izpietatik babesean eta toki fresko batean gordetzea gomendatzen da.

Onagra olioa

Izen zientifikoa: Oenothera biennis scop
Familia: Hazien olioak
Erabiltzen den zatia: haziak emadako olioa
Erabilerak: Larruazalean onura, hileroko irregular eta mingarrietan

Aspektu botaniko eta historikoak: Belar antzeko landarea da, 0.5-1 m bitarteko altuerara irits daitekeena. Haren jatorria espontaneoa izan zen Ipar Ameriketako larreetan eta hortik gainerako kontinenteetara zabaldu zen. Europan XVIII. mende hasieran barneratua izan zen apaingarri moduan. Azpialdeko hostoak roseta moduan kokatzen dira eta loreak, aldiz, tetramero eran (korola lau hostorekin). Azken hauek hori kolorekoak dira. Presio hotzean, landare honen hazietatik gantz azidoetan aberatsa den olioa lortu daiteke. Onagra haazi eta landarea amerikako natiboek ur beroko infusioan erabiltzen zuten larruazaleko arazoak eta zauriak osatzeko. Geroago, XIX. mendean, Alemanian landarearen sustraia gosegarri moduan erabiltzen zen. Baina ez zen aurreko mendeko 20. hamarkadara arte izan landare honen olioa erabiltzen hasi ziren arte.

Propietateak: Landare honen hazietatik lortzen den olioak aurkezten dituen substantzia aktiboetatik gehienak omega 6 motako gantz azido poliasegabeetan daude metatuta. Hauen artean aipagarriena azido gamma linolenikoa da (GLA). Dakigunez, hau gure organismoak berez behar diren kantitateetan ekoitzi ezin ez dituen gantz azido esentzialen barruan sartzen da eta horregatik dietatik hartzea ezinbestekoa eta onuragarria da. Izan ere, gantz azido esentzialak eta kasu honetan GLA, prozesu fisiologiko oso garrantzitsuen parte dira eta hauen defizitak arazo asko ekar ditzake, haien artean larruazalaren hidratazio eza dagoelarik.

Erabilerak: Azido gamma linolenikoan aberatsa denez gero, onagra olioa oso onuragarria da gehigarri edo osagarri moduan larruazalaren hidratazio falta edota hilerokoaren aurreko arazo eta hantura kronikoen minak tratatu eta prebenitzeko.

Dosifikazioa: egunean 2-4 g onagra olio (azido gamma linolenikoa %9-10). Hau da, 180-360 mg/egun GLA.

Erabilerarako aholkuak eta arriskuak: Normalean ez da arazorik izaten honen ingestan; hala ere, janariarekin egitea gomendagarria da, arazo gastrikoak saihesteko asmotan. Epilepsia eta eskizofrenia pairatzen duen jendearengan ez da honen erabilera aholkatzen. Gainera, onagra olioaren baitan ekintza antiplaketarioa aurkitu da, beraz, terapia antigatzatzailea darabilten pazienteek haien medikuarekin kontsulatu dezaten gomendatzen da.

Naturaz busti!

Gure inguruan dugun natura eta honek osasunean ekar diezazkigun onuren berri izateko, laburtuz, honen ezagutza gugan barneratu eta zabaltzeko baliagarria eta oso interesgarria izan daiteke sendabelarren inguruan zertxobait gehiago ikastea. Izan ere, jakin badakigu gure arbasoek praktika hau oso garatua zutela eta arlo honetan oso jakitun zirela.

Beraz, helburu honekin,  landare eta hauen propietateen berri ematen duen liburuxka batean aurkitu ditudan zenbait apuntetxo idatziko ditut, noizbaiten bada ere agian baliagarri izan zaizkizuelakoan edo.

Medikuntza, osasuna, norbanakoa...

Medikuntza, nire aburuz, eta hau gainera arlo honetan gustukoen daukadan aspektuetako bat izanik, inguratzen gaituenaren ingruan asko jorratzen duen antzina-antzinako jakintza da, eta mediku baten eskuetan hau praktikan jartzea oso positiboa litzatekeela uste dut.

Zertaz ari naizen? bada egunero pertsonen aurrean, haiekin kontaktuan gaudenez gero zientzia eta humanitatea aldi berean egokiro uztartzea eskatzen duela.

Aldi berean, gizakiok inguratzen gaituen materia ere bizia da: Natura. Gizakiok naturaren baitan bizi garen milioika espezieetako bat besterik ez gara. Sinbiosian bizi gara (edo hobe ginateke) eta harek eskaitzen dizkigun baliabideak modu egoki eta errespetagarrian erabili.

Gizakiak hain preziatua duen burmuina garatzen hasi zenetik, bere ongizatea hobetzen dituen tresnak bilatzen aritu da etengabe; batzuk onuragarriak izan dira eta beste batzuk ez hainbeste.

Osasunari dagokionean, gure organismoaren funtzionamenduaren inguruan oso jakitunak egin gara historian zehar, nahiz eta oraindik ere jakiteko asko falta zaigun, eta honek askotan estatismo batera eramaten du gizartea.

Izan ere, osasuna hortan aditu-adituak direnen esku utzi eta gizarteak eskaini diezagukeen "prestazio" moduan ikustera igaro gara. Alde batetik, bai, hortan jarduten den jendea, erizainak, medikuak, ospitaletako langileria,...guri laguntzeko dago, hori da bere lana, baina gu geu ere geure buruaren osagile izan gintezke, noizean behin lehenengo pausua eman eta daukagunaz konturatu, baloratu eta behar izanez gero osagilearengana joateko. Geure burua baloratzeko eta gu ere gure gorputzean zerbait gaizki dagoela edo ohiko funtzionamendua ez daukagula antzeman ondoren hausnarketa bat egitea oso garrantzitsua dela deritzot norberaren ongizate pertsonalerako.

Laburtuz, osasuna, medikuntza, nire buruan eta eguneroko bizitzan dauden arloak dira bai, eta hauek gehien interesatzen zaizkidanak diren arren, historia, hizkuntzak...beste hainbat gustu ditudan era berean jendartea animatu nahiko nuke norbanakoaren osasunaz jakin mina piztean, haren gorputza eta norberaren ongizate pertsonalak eskertuko dute eta!! Animatu zaitezte!